Zientzia ez al da Kultura?

Laster izango da abian Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Plana deiturikoa Blanco Urgell eta Antonio Riveraren hitzetan Kulturetarako Hiritar Hitzarmena (Contrato Ciudadano para las Culturas) izango duena ardatz. Hitzarmen horren izenburua itzulirik gabe dagoela alde batera utziz, interesgarria dirudi argitaratu den informazioaren arabera: hiritarren parte hartzea bultzatu nahi du kultur sorkuntzan, zinema euskaraz bultzatzeko streaming-arekin saiatuko dira, herri-lanetan inberturiko %1 famatuaren optimizazioa egin nahi dute, etab.

Egon, egon dira lekuz kanpo dauden zenbait adierazpen, bai, kultura desideologizatu nahi dutela esaten duten horiez ari naiz. Ideologia bat beste batek ordezkatzeari ezin zaio deitu desideologizatzea eta euskaltzaletasuna zein alderdik bultzatu duten denok dakigu. Era oso bestelakoetan bultzatu dute euskal kultura, batzuek herri parte hartzea sustatu baino herria bihurtu zuten eta dute kultur sortzaile,eta beste batzuek elkarteak, akademiak eta sariak lagundu dituzte.

Kultura bultzatzeko era ezberdinak direla ezin ukatu, baina ziurrenik euskaltzaletasun politikoak izan duen aniztasun horri esker bide osagarriak izan dira eta hor ditugu emaitzak. Baina urrun ikusten ditut sozialista euskaltzaleak zeuden garai horiek, ez ziren asko eta gaur egun ez dute zaratarik egiten ia, baina beno, hor zeudela esan daiteke. Gaur egun Blanca beraz gain ez dakit euskaltzale militante gehiegi dagoen, baina ez nihoa hortik.

Era asko pentsatu ditut inor haserre ez dadin, baina zer arraio, nork demontre banatu zuen ezagutza Kulturan eta Zientzian? uler liteke hezkuntza eta unibertsitatearen aldetik Letrak eta Zientziak bereizturik egotea, uler liteke, egiatan sailkapena ez dago horrela egina baina denok daukagu dirudienez mundua bi talde horietan banaturik. Ados, baina zein arraiok erabaki zuen Zientzia ez dela Kultura?

Kultura arte klasikoetara laburtzea tontakeri galanta dela denok deritzogu, baina etnografia, antropologia, arkeologia, etab. kultura politiken barnean sartzea eta ez zientziaren dibulgazioa ez dakit nola kalifikatu behar den. Zientzia Ikerkuntza eta Berrikuntza sailetako ardura izango da, baina Zientzia zabalkundea Kulturaren ardurapean egon beharko luke eta ez zientzia kultura delako, baizik eta gaur egun zientziaren dibulgazioa berebizikoa delako.

Zientzia eta letrekoen arteko koska bat zena, gaur egun aran bat bihurtzeko bidetan da. Alegia, oinarrizko ezagutza deitzen dugun horren barnean zientziak duen pisu espezifikoa baxuegia da bizi garen gizarterako. Eta jendeak Athletic-eko jokalarien zerrenda buruz esan ahal izatea baina birus, bakterio edo mikrobio baten arteko ezberdintasuna ezin ulertzea (eta ez dut esango jakitea!) onartezina da.

Zientziaren zabalkundea egitea derrigorrezkoa da, ez soilik kultur politika bat delako gizartearen ongizatea bermatzeko ezinbestekoa delako. Ez, esan dudana ez da hiperbole bat eta frogatu egingo dut:

Udaberri, udazken edo neguko edozein hilabete aukeratu, Euskal Herriko edozein herri edo hiri eta zeuek gustokoen duzuen familia medikua:

Egun on, alabarentzako antibiotiko batzuen bila nentorren .-dio kontsultan sartu berri den gaixoa, oraindik ez da eseri eta ez dirudi egiteko asmorik duenik. Medikuak begirada pantailatik altxa eta alaba non dagoen bilatzen du begiradaz.

Eta non da alaba? .-galdetzen du azkenik.

Ah, dezima batzuekin dago eta etxean utzi dut, badakizu, egiten duen hotza eta hezetasunarekin gehiago ez hozteko .-mementu horretan geure familia medikuak 6 urtetako karrera zergatik aukeratu zuen galdetzen dio bere buruari. Dagoeneko lau gaixo ikusi ditu sukarrak jota eta ez dago eztabaidatzeko gogoz, ezta hotzak hotzeriarik eragiten ez duela azaltzeko, paradoxikoa izan daitekeen arren. Are kaltegarriago da etxea goitik behera ixtea eta aire edo hotz zirrikiturik ez uzten sartzea, hotz piska bat jasatea baino. Medikuak teklatua utzi du eta betaurrekoak garbitzen ari da.

Eta zer du? eztarriko mina? edo belarriko mina? .-galdetzen du, propedeutikako irakasgaia zertarako ikasi zuen bere buruari galdetzen dion bitartean, zer demontrerako balio du karkasa mota ezberdinak kolorea eta usainaren arabera sailkatzen jakitea gero gaixoa ez badiote ekartzen?

Ah, ke ba, ke ba, sukar piskat dauka, horregatik nator antibiotiko bila, errezeta behar delako .-medikuak bekain bat altxatu du, guraso horrek diagnostikoa eta tratamendua zehaztu ditu 30 segundotan, zer dela eta ez zuen medikuntza ikasi?

-Ya, baina sukarra baldin badu soilik gripea izango da…-gurasoa ez da oraindik eseri.

Horregatik .-leihotik begiratzen du, ez da oraindik eseri-. kotxea gaizki aparkatuta daukat .-bere begirada medikuaren boligrafora zuzendu da, ohartu da medikuak ez duela hartu ere egin, zertan dabil?

-Ya, baina esan nahi dizudana da gripea baldin badauka ezin zaizkiola antibiotikoak eman…-bukatu aurretik gurasoak moztu egin dio haserre.

-Nola ezetz? atzo ia 39 izan zuen! .-medikuaren mahaiera gerturatu da oraingoan.

-Baina gripea ez da antibiotikoekin tratatzen, birus bat da, ez dago tratamenduaren beharrik, pasa egin behar da bakarrik

-Eta sukarra zer? .-galdetu du inkisitore begirada bat botaz, medikua gezurretan ari den jakin nahi duela dirudi.

-Hori ibuprofeno batekin jaisten da .-boligrafoa hartu du-. errezeta egitea nahi? 8 orduro 400mg-ko bat hartzearekin nahikoa izango du…-kanpoan bozina hotsa entzun da eta medikuak ordenagailuan zerbait tekleatzen duen bitartean gurasoa ateratzen dihoa.

-Bueno, gero azalduko didazu, ni letratakoa naizela, emaztea daukat itxaroten, gero ekartzen dizut alaba eta hartzen dizut antibiotikoen errezeta…ados? .-dio atetik ateratzen den bitartean. Medikuak buruarekin baiezko keinua egiten dio, begitartekoa masajeatzen duen bitartean.

Ziur nago guraso horri errealak azkeneko partiduan irabazi edo galdu egin zuen galdetuz gero jakingo duela, baita zenbat gol sartu zituen edo zizkioten eta ziur nago ez dela matematikaria, baina 1 + 1 = 2, hemen eta Konstantinoplan, nire matematikako irakasleak zioen bezalaxe.

Alegia, oinarrizko ezagutza horren parte bilakatzen baldin badugu zientzia guraso horrek ez du etxeko armairu batean aurkituko duen lehen antibiotikoa emango bere alabari, egiatan otitis edo faringitis bat duenerako lehen lerroko beste antibiotikoen eraginkortasuna nabarmenki jaitsiz. Eta horrela sortzen dira erresistentziak, jendeak duen ezagutza faltagatik eta ez automedikazioagatik. Automedikazioa beharrezkoa da oso, baina tentuz eta zentzuz. Hau da, sukarra dagoenean antiinflamatorio bat hartuz (AINE bat) eta ez antibiotiko bat.

Baina badirudi herri santu hontan Natur Historiaren Euskal Museo bat eraiki aurretik euskal herri osoko herri txikienean ere etnografia etxe, interpretazio gune edo museo bat egon beharko duela. Edonola ere, onartu beharra dut politikek duten eragina erlatiboa baino oso txikia dela, epe labur edo ertainean behintzat. Azken finean Elhuyar Fundazioak edo Aranzadi Zientzia Elkarteak Jaurlaritzako edo Aldundiko edozein sailburu baino gehiagok bultza dezaketelako zientziaren zabalkundea.

Baina horrek ez du esanahi Jaurlaritzak eta Aldundiek euren kultur planetan aldizkari harpidetzak diru-laguntzak, zientzia dibulgaziorako web atarien blog sareen sorpena, eskola arteko txapelketak edo olinpiadak, ikasleen ikerketa kongresuak, etab. bultzatu eta sustatu behar ez dituztenik.

Irakaspena, ikerkuntza eta zabalkundea. Hori izan beharko luke hirukote santu berria.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: